XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lau, sozio gisara joan ginen, eta herriko bertze zortzi mutil eraman genituen, 1958an

Jornalean ez ezik, janarian somatu zuen alderik haundiena Anizko Gantxitoneako Martin Altzuartek ere.

Hemen baba, baba eta baba jaten genuen. Han gosaltzeko beti zingarra izaten zen, eguerdian haragi pittet eta arratsean tortilla

Mendiarekin lotutako bizimodua eraman du Martinek, 43 urtez, nere denbora guzian, hamasei urtetan hasita berak dioenez.

Lehenbizi Nafarroako Pirinioan, Huescan... 1960an joan zen Frantziara, Goi Piriniotara, 30 mutilekin batera eta hemezortzi urtez aritu zen.

Astelehenetik igande eguerdira aritzen ginen

Soldaten arteko aldean iritzi desberdinak badaude ere, ez da gauza bera gertatzen hango bizimoduaren gogortasunaz aritzerakoan.

Han ez zen bestarik diote guziek astelehenetik igande eguerdia bitarte lanean, egunero. Goizean hasi eta gaua bitartean

Andres Olaizola goizuetarrak, honela laburbiltzen du eguneko plana. Eguna hasitze ordu jeiki, gosari txikia egin eta mendira. Zortzietan gosaria, hameketako pixko bat, ordubatean bazkaria, berendua bostak aldean eta arrunt ilundu arte lana egin

23 urtetan joan zen Andres Piriniotara, Maule ingurura. Zortzi urte eman zituen bertan eta beste bat Alpeetako Côte d'Azuren.

Gervasio Altzuri aranztarrak gogoratzen duenez, igande arratsaldea garbitzeko eta arropak josteko aprobetxatzen genuen, aste guzian ez baikenuen ezta aurpegia garbitzen ere. Herririk ez genuen hurbilean eta ez ginen ateratzen

Gervasio ere Piriniotan ibili zen, Aretten, 1962tik 1969ra.

Bederatzi-hamar hilabeteko denboraldia egiten zuten. 0tsailean joaten ginen, bestetarako aste bat etortzen ginen eta gero Santa Luzia Eguna arte han egoten ginen dio Gervasiok.

Lehenbizian ez ziren denboraldian zehar etxera bueltatzen, baina azkenean, kotxeak ugaritzen hasi zirenean gehiago etortzen ziren bueltan.

Han zeudenean ere, sorterriko berri izaten omen zuten, herrimina arintzeko nonbait. Arantzako berri izaten genuen, karta bidez eta Don Esteban apezak bildatzen zituen periodikoekin, Panttaleonen hitzetan.

1961ean sartu zen motozerra

Lanbide gogor hau pixko bat xamurtu zuten aurrerabideak ere poliki-poliki ailegatu ziren mendi kaxkoetara.

1960. hamarkada bitartean eskulanean aritzen ziren, arpana eta aizkorarekin. Orduan iritsi zen motozerra 1961. urtean, Panttaleonek ederki gogoratzen duenez eta biak probatu zutenek, aldaketa haundia izan zela onartzen dute.

Martin Altzuartek erran digunez, bi erosi genituen eta hori diferentzia gogorra izan zen

Bertze horrenbertze erran daiteke mendian zuten bizilekuaz. Hainbat urtetan txabola kaxkar batzuetan lo egin zuten, Martinek dioenez, ohatzea egiteko taula baten gainean lastoa paratuta. Hondarrean etxeetara gaten ginen

Panttaleonek ere somatu zuen aldaketa hau. Hasieran txabolatan bizitzen baginen ere, hondarko bortz urteetan fabrikak egindako txalet batean egon ginen. Argia, ur beroa, dutxa eta dena genuen orduan, baina bitartean ahal zen bezala moldatzen ginen

Normalean ura txabola ondoan izaten zuten mendian, baina Andres goizuetarrak dioenez, Côte d'Azuren kablean igotzen genuen ura. Egurra jautsi eta ura igo

Eratsun, Saldias, Donamaria, Oitz, Urrotz eta Zubieta inguruan ere, gutti dira berrogeita hamar urte beteak izan eta ofizio hau probatu ez dutenak.

Hirurogei zubitar inguru joaten ginen urte batzuetan dio Juan Elizaldek. Bera, Eustakio, Pedro eta Patziku anaiekin batera aritu zen Piriniotan.

Ezkurrako koadrila honek aizkol apostuetan aritzeko astia hartzen zuen. Hemen mendian ageri badira ere, nagusiak eramanda, trontza eta aizkora apostu batean ere aritu omen ziren Luchonen, Pantxito Gorostiagak gogoratzen duenez.

Frantziako basoetan ez ezik, aspalditik Irati aldean eta Maule inguruan ere aritzen ziren inguru honetako mendi mutilak